XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I. de Arrillaga arrantzontzian bakailaoa zatitzen. Untzi Museoko artxiboa. Donostia.

Beste batzuetan, berriz, murruaren lerroa aurreratu egiten da, fatxada nagusian gertatzen den bezala.

Karezko silarriskaz egindako hormatxo batez itxita dago fabrika, eta hormatxo horren gainean zuresi bat dago.

Zumaiari dagokionez, Conservas Ortiz enpresak, egoitza Ondarroan zeukanak, kontserbagintza hedatze bete-betean zegoela, Zumaian beste lantegi bat jartzea erabaki zuen. Horretarako, Donostiatik Bilborako errepidearen aurrean zeuden terrenoak eskuratu zituen, orduan txatar biltegirako erabiltzen zirenak.

Azkenean, Ramón Martiarena arkitektoak oin berriko kontserba fabrika proiektatu zuen 1952an. Batez ere hegaluzearen kontserbagintzan oliotan, frijitua eta abar diharduen eraikinak bi isurkiko bi hormarte dauzka, eta gailurra, berriz, errepidearekiko paralelo.

Ezkerreko fatxadan bi bao zabal dinteldun eta bi begi daude. Fatxada nagusian hiru bao daude atetzar zabal baten albo banatan. Teilatuaren lerroa etenda eta jasota dago frontoi txiki bat osatzeko, non hormigoizko erliebedun hitz zuriz idatzita CONSERVAS ORTIZ irakur daitekeen, eta horren azpian bertan zerrenda lau bat dago, lorezko irudiz apaindua.

Fatxada zarpeatuta dago, eta berdez margotutako hutsuneek kontraste kromatikoa bilatzen dute. Ezkerraldean jasoa etxebizitzetako eraikin bat dago langileentzat.

Orion, Geltokiko auzoan hasi zen Eugenio Azkue Arruti antxoaren gaziketan, han zeukan etxearen azpian, harik eta, sektorea sendotzen zihoan eran, Playaundin kokatu zen arte. Kontserbagintzan beste kontserbari batzuen bide berari jarraitu zion, hala nola, Jose Atutxarenari eta Francisco Denticirenari. Denen artean jaso zuten fabrika 50 eta 60ko urteetan.

Eraikuntza lanak 1951n Marcelo Guiberten esku utzi zituzten, eta hori arduratu zen hura handitzeaz ere 1964an. 1960. urtean beste handitze bat egina zuen Vicente Saralegik. Fabrika beraren beste zati batzuk, Francisco Dentici eta José Atutxaren ustez, Felix Llanos arkitektoak egin zituen 1956an.

60ko urteez geroztik, hegaluzearen kontserbagintzan hasi zen Eugenio Azkue. Sektoreak izandako krisialdiaren ondoren, lan egiteari utzi zion 80ko urteen amaiera aldera, eta pixkanaka kontserba mota hori merkaturatzearen bidetik jo zuen. Conservas Azkue enpresak Baltanasen (Palencia) jarraitu du kontserbak ekoizten.

Etxebizitza eta landa eremu batean dago jasota Azkue kontserba fabrika. Hormigoi armatuzko eraikin sendoa da, aldi ezberdinetan jasoa; eraikin funtzionala da, apaingarririk gabea. Hutsune guztiak dinteldunak dira, ardatz horizontala nagusi dutela.

Mutrikun aipagarria eta oso interesgarria da bi kontserbagilek izan zuten aldi bereko bilakaera, biak jatorri berekoak izanda nafarrak ziren, eta lanbide berekoak, gainera. Mauleonek zein Bustok beren lanari esker ezagutu zuten Mutriku, izan ere, Nafarroako ardoa kostaldera ekarri eta, aldi berean, arraina kostaldetik barrualdera eramaten baitzuten.

Saturnino Busto Irisarrik, Burlatakoa bera (Nafarroa), Mutrikun kokatzea erabaki zuen 1880 inguruan, eta eskabetxe lantegi bat jarri zuen urte hartan. Eskabetxean jartzen zituen bisigua, txitxarroa, berdela, atuna eta hegaluzea, eta ontziratzen zituen lantegian bertan egindako zurezko upeletan, siziliarrak deitzen zirenetan. Bi neurritako upelak zeuden, 60 kilokoak eta 30ekoak, eta arrainak errenkadan ipintzen ziren.

1948an, Saturnino Bustok, sektoreak etorkizun ona zeukala ikusita, terreno batzuk erosi zizkion Agapito Yurrita Mauleoni San Agustin kalean, fabrika berria egiteko. Fabrika hura Ramón Martiarena arkitektoaren planoei jarraiki eraiki zen.

Arkitekto horrek berak eraiki zuen Conservas Ortiz enpresak Zumaian duen fabrika. Halaber, etxe bikoitz bat eraiki zen gazitegirako pabilioiaren gainean, etxebizitza izateko asmotan, Gipuzkoako industri ondarearen ikuspegian hainbeste errepikatzen den ideia horri jarraituz, hau da, lan munduaren eta egoitza munduaren artean halako sinbiosi bat eginda. Fabrika horretako behealdeak antxoa ondu bitartean hura biltegiratzeko balio zuen.

Fabrikak 60 langile zituen 40ko urteen amaierako garai hartan, eta haietatik bospasei bakarrik ziren gizonezkoak. Fabrika hartan zoritxarreko sute bat izan zen eta guztiz galdu zen. Gaur egun, berriz, planta moderno bat dauka Conservas Busto enpresak Itxaspe auzoan: bi hormarte eta pabilioi osagarriak, luzetarako ardatza nagusi dutela.

Hormarteetako batek, enpresaren marka daramanak, sarrerako atetzar zabal bat dauka fatxada nagusian. Bi pisu dauzka, ardatz etzaneko baoak sei lerrotan antolatuta dauzkatenak.

Geroago, 1960an, Itziarko lantegi berria eraiki zuten. 1961ean Malagaraino heldu ziren, fabrika bat alokatu baitzuten Esteponan sardinak oliotan prestatzeko, eta jarduera horri 1968ra arte eutsi zioten. 1988an Itziarko lantegia bakarrik gelditu zen jardunean, eta haren jabe Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradiak egin ziren, % 52an eta % 48an, hurrenez hurren.